XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Gipuzkoako ikastolek egoera aztertzen dute.
Donostia.
Antonio Camposek eta Pablo Agirrek, Gipuzkoako ikastolen Federakundetik, J.R. Elortza eta Jesus Goienetxek, Arrasateko ikastolatik, eta Azpeitiko ordezkariek aurkeztu zituzten Loiolako bileran hartutako erabakiak egoera azterketa.
Hasteko, eztabaida hauetan, diskriminaturik dauden ikastolei bere laguntza eta solidaritatea ematea erabaki zuen Batzar Nagusiak.
Horrek esan nahi du Arrasateko ikastolak hartutako erabakiekin bat datorrela.
Horretaz aparte, pentsatu dute gertatu denaren berri Karlos Garaikoetxeari ematea.
Alde batetik, Sailburuaren jokaera deskalifikatuz eta, bestalde, hezkuntza departamenduko Kontseilariordeko, planifikazio arduradun, delegadu eta teknikoen lana goraipatuz.
Bigarren erabakia Kilometroetan ikastolen gogoa eta errealitatea agertzea: pankarta, sloganak, eta abar.
Bukatzeko, batzarreak onartu du manifestaldi bat egitea, horren xehetasun guztiak batzorde bateragilearen eskuetan geldituz.
Administrazioari eskakizunak.Eskakizun hauek azaltzeko erabiltzen duten ardatz nagusia ikastola, herri eskola, benetazko eskola publikoa dela.
Hau onartuz gero, zera eskatzen diote Administrazioari: Eskola transferituari ematen zion tratamendu berdina.
Hau betetzeko hiru eginbehar daude: dohaintasuna, gela eta zerbitzu egokiak eta gaur egun arazoak dituzten ikastolei berehalako irtenbide egoki bat.
Bigarren puntuan, zer-nolako izan behar duen euskal eskola publikoa defini dezala Eusko Jaurlaritza eskatzen diote.
Hirugarrenez, zer pauso eman behar diren, euskal eskola publikoa eta bakarra, hots, sare bakarrean, eraikitzeko.
Guzti hau agertu bezain laster, Antonio Camposek, Gipuzkoako Ikastolen Federakundearen lehendakariak, idei hauekin bat datorren jende guztia gonbidatu zuen hurrengo igandean Errenterian egingo den Kilometroetan agertzeko.